Lehenik eta behin, oinarrira joaz, hitz bakunak zeintzuk diren jakin beharko dugu honetan oinarritzen baitira gainontzekoak.
HITZ BAKUNAK, elementu bakar batez osatzen direnak dira: etxe, ohe, mahai, belar... Hitz hauen barruan ezin dugu banaketarik egin, ez aurrizki-artizki-atzizkirik bereiztu ezta bigarren hitz bat aurkitu ere.
HITZ ERATORRIAK
Zerk desberdintzen ditu hauek bakunengandik? Aurrekoetan ez bezala, hauetan hitza zati txikiagotan bana dezakegula. Izen, izenondo eta aditzei, aurrizki, artizki eta atzizkiak (gehienak) gehituz, hitz berriak sortzen dira. Beste modu batera esanda: autonomia osoa duen hitz edo lexema bati, autonomiarik ez duen hizki edo hizki multzoa gehitzea.
Adibidez: eder (izond) + -tasun (atzizkia) > edertasun (izena)
Ikus ditzagun eratorpen mota desberdinak:
· Aurrizkidunak: oinarrian dagoen hitzari AURRIZKI bat gehitzen zaio.
Adibidez: DESegin, BERRikusi, DESatsegin...
Jarraian azaltzen direnak, hitz berriak sortzeko erabil daitezkeen aurrizkiak dira: BIR-/BER- (errepikapena adierazteko), DES- (aurkakoa), EZ- (ukatzeko)...
· Artizkidunak: oinarrizko hitza "puskatu" eta tartean ARTIZKI bat txertatzen zaio. Erabiltzen den ia atzizki bakarra -RA- da. Gure hizkuntzan ia-ia fosildua dagoena.
Esanahiari dagokionez, zer esango zenuke?
Adibidez: egin > eRAgin eman > eRAman ekarri > eRAkarri...
· Atzizkidunak: oinarrizko hitzari ATZIZKI bat lotzen zaio.
Adibidez: sukaldARI, idazLE, zikinKERIA Gogoratu! sortzen diren hitz berriek hasierakoen kategoria gramatikal desberdina izan dezakete.
Ikus ditzagun zeintzuk diren hitz berriak sortzeko erabil daitezkeen atzizkietako batzuk:
IZEN ABSTRAKTUAK SORTZEKO
‑TASUN, ‑(T)ZIA, ‑TZA, ‑TATE, ‑(K)ERIA, ‑GINTZA, ‑EZIA, ERA
EGILEAK DIREN IZENAK SORTZEKO ‑ARI, ‑LE, ‑TZAILE, ‑GIN, ‑GILE, ‑KO
MULTZOA ADIERAZTEN DUTEN IZENAK SORTZEKO ‑DI, ‑KETA, ‑ERIA (‑teria), ‑TEGI, ‑TZA, -KADA
TRESNA ADIERAZTEN DUTEN IZENAK SORTZEKO ‑GAILU, ‑GARRI, ‑KI
OBJEKTUA/PRODUKTUAK ADIERAZTEN DITUZTEN HITZAK SORTZEKO ‑KI, ‑KIN, ‑KO, ‑KARI, ‑KADA, ‑KIZUN
LEKUA ADIERAZTEKO -TEGI
GARAIA ADIERAZTEKO ATZIZKIAK -TE ...
Kontuan izan, hitz bati aurrizki, artizki nahiz atzizki bat gehitzen diogunean hots aldaketak izan ditzakegula:
Adibidez: ibili > erabili / aske > askatasun / zaindu > zaindari...
Hau irakurri eta azaldu ondoren, demagun BERTSOLARITZA hitza aztertu behar dugula. Zein zatitan bana daiteke? Eratorpena izango al da hitza sortzeko erabili den baliabidea ala beste bat?